XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atera zen zeruko santutegitik beste aingeru bat, berak ere igitai zorrotza zeukala.

Eta aldaretik beste aingeru bat atera zen, sua bere esku zeukana, eta oihu haundiz esan zion igitai zorrotza zeukanari: - Hasi lanean zure igitai zorrotzarekin, eta bildu lurreko mahats-mordoak, onduak bait dira hemengo mahatsak.

Hasi zen aingerua igitaitzen; bildu zuen lurreko mahatsa eta bota zuen Jainkoaren haserrearen dolare haundian.

Herritik kanpora zapaldu zuten mahatsa, eta upeletik atera zen eta zaldien muturrekoetaraino iritsi, hirurehun bat kilometro-bidean.

6. ZAZPI ONTZIAK.

Zazpiko azken taldeak ere, Jainkoak munduari eta munduko biztanleei egingo dien epaiaren aurretik izango diren zigorrei buruz hitzegiten du, eta horretarako Jainkoaren haserre-ontziaren irudiaz baliatzen da.

Moisesen eta Bildotsaren abestia

Beste ezaugarri haundi eta harrigarri bat ikusi nuen zeruan: zazpi aingeru, zazpi zoritxar zeramatzatela.

Azkenekoak dira, haietan bukatzen bait da Jaungoikoaren haserrea.

Kristalezko itsaso-antzeko bat ere ikusi nuen, suarekin nahasian; itsasoaren ertzean zeuden, zutik, piztia garaitu zutenak, eta honen irudia eta izenaren zenbakia garaitu zituztenak, Jainkoaren zitarak eskuetan zituztela.

Jainkoaren zerbitzari Moisesen abestia eta Bildotsaren abestia kantatzen ari ziren: - Jauna, Jainko ahalguztiduna, haundiak eta harrigarriak dira Zuk eginak! Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak zure bideak!

Nor ez da izango zure beldur, Jauna? Nork ez du goretsiko zure izena? Zu bakarrik bait zara santua! Atzerriak etorri eta zure aurrean ahuspeztuko dira, zure erabaki zuzenak agertu bait dira.

Zazpi zigorrak zeuzkaten zazpi aingeruak

Honen ondoren ikuskari hau izan nuen: (...).